XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estatika - Mekanika, gorputzen higidura aztertzen duen fisikaren atala da.

Bi adar nagusi ditu: estatika, indar-sistema baten menpean eta orekan dauden gorputzen egoera aztertzen duena, eta dinamika, non indar-sistema baten menpean higitzen ari diren objektu materialen jokabidearen analisia burutzen den.

Indar-sistemak - Estatikaren emaitzak ulertu ahal izateko, beharrezkoa da, hala ere, indarrari dagokion kontzeptua ongi ulertzea.

Indarra, gorputz baten pausagunea edo higidura-egoera aldatzeko gai izan daitekeen zerbait izanik, aske dagoen gorputz baten gainean eragitean, azeleratu egingo du.

Guk ondo ezaguturiko indarra, Lurrak bere gainazalerantz erakarriz inguru hurbilean dauden gorputz guztien gainean eginiko erakarpena da.

Hala ere, bestelako indarrak egon badaude, hala nola, marruskadura, bultzada, etab.

- Funtsezkoak diren beste bi kontzeptu, masa eta pisua dira.

Masa, objektu materialen propietate intrintsekoa da, indarrak gorputzaren gainean buruturiko akzioa eta gorputzak bere higidura-egoeraren aldakuntzaren aurka jarritako eragozpena determinatzen dituena; beraz, masa, nola edo hala, objektuen inertziaren neurria da.

Indar berberaren kasurako, masa zenbat eta handiagoa izan, azelerazioa hainbat eta txikiagoa da.

- Bestalde, pisua ez da objektuaren beraren propietate intrintsekoa, eta Lurraren zentrorantz erakartzen duen eremu grabitatorioaren intentsitateak, hots, Lurrak gorputzaren gainean eginiko indarrak determinaturik dago.

Hau dela eta, masa jakineko gorputz batek pisu desberdinak edukiko ditu Lurrean eta Ilargian, zeren, beronen masa txikiagoa denez, eremu grabitatorioaren intentsitatea Lurrarenaren seirena bait da.

Hortaz, Ilargian daukan pisua, Lurrean daukana baino sei aldiz txikiagoa dugu.

- Edozein gorputzetan eragiten duten kanpo-indar guztien emaitza den oreka-egoeraren azterketarako, garrantzi handikoa da grabitate-zentroaren kontzeptua.

Aipaturiko zentroan, masa osoa kontzentraturik dagoela suposa dezakegu. Objektu laun baten grabitate-zentroaren kokagunea aurkitzeko, bi puntu desberdinetatik eseki daiteke, berauetan jarritako plomuak adieraziko dituen lerroak marratuz.

Honela, bada, oreka egonkorrari dagokion egoera defini dezakegu, zeinean grabitate-zentrotik doan bertikala oinarritik ere pasatuko den, biak hurbil daudelarik.

Bestela, oreka ezegonkorrean aurkituko da, edozein perturbazio txikik hauts dezakeena, edo oreka indiferentean, zeinean oreka-posizioa indeterminatua den.

- Halaber, pausagunean dirauen gorputza, biraketan egon daiteke, berau gerta ez dadin, beharrezkoak diren baldintzak ezar daitezkeelarik.

Helburu honetarako, indarraren momentua delakoaz baliatuko gara, ondoko era honetan definitu ohi dena: indarraren eta beronen aplikagunetik eragin-lerrora dagoen distantzia perpendikularraren arteko biderkadura.

1. Estatikak, pausagunean dagoen objektu baten gainean eragiten duen indar-multzoa aztertzen du.

Sabaitik esekitako lanpara ez da eroriko, zeren grabitateak eginiko indarra, eusten diona baino txikiagoa baita (edo berdina gutxienez).

2. Arkimedes-en printzipioak, objektuen materialaren pisu espezifikoa ezagutzeko era ematen du, ur barruan eta kanpoan duten pisua konparatuz.

Uretan, kanporatzen duten likidoaren bultzada jasaten dute.

Dinamometroa / Objektua / Pisua / Bultzada / Amaierako maila / Hasierako maila.